1 Aug 11:17
Re: codesarrollo eta damnu kolateralak
Arrazoibide egoki eta xehetasun jakingarri horien artean, apur bat harritu nau ko- aurrizkiaren aldeko tematxo horrek. Bide horretatik, alde batetik, uko egiten diogu itzuli beharreko kontzeptua benetan interpretatzeari, eta hitzaren (osaeraren) axaleko itxurarekin geratzen gara; hori, gaizki itzultzea baino areago, EZ itzultzea da, itzultzeari UKO egitea. (Urrutira jo gabe, "codesarrollo" eta "coeducación" aski co-termino desberdinak dira, kontzeptuz). Nik ez nioke horri, prezisamentean, "estandarizazio" deituko, euskararen berezitasunak eragiten dizkigun nekeekin aspertu-amorraturik egotea baizik, eta ulertzen dut, noski, ulertuko ez dut ba, baina horixe da gure eginkizuna: nekeon bitartez euskararen berezitasuna (munduaren aurrean hain harro gauzkana) zuhurki gobernatzea (harrotzeko ez ezik, gure artean ganoraz eta pulamentuz komunikatzeko). Bestetik, Troiako zaldi hori ere, lehenaz gainera, gurean (on)hartuz gero, atzerantz ere zergatik ez egin, eta "cooperación" eta "colaboración", esate baterako, "koeragiketa" eta "kolanketa" itzuli? Uste dut hori baino zuhurrago litzatekeela, behin hasiz gero, zaldiarekin gurdia ere sartzea, natural-natural: kodesarroiloa, koedukazioa, kooperazioa, kolaborazioa, (kalte) kolateralak... Bestela eman dezake, baina guztiz serio ari naiz; ni ez nintzateke lotsatuko hiztegia halako hitzez josirik balego. Jakina, gero, hitz horiekin (eta kultura-hitz guztiekin?) loturik doazenak ere (izenondoak eta gainerako osagarriak) bide beretik ematea hobe: kalkatzeko lanik ere ez, eta mailegu-mordoilo gordina: "kooperazio internazionala salbatzeko baleak" eta abar.(Continue reading)
RSS Feed