Re: Gelatxo hil da
Oier Araolaza <
oier@...>
2007-02-01 12:30:27 GMT
Gelatxoren heriotzaren ondoko egunetan zenbait artikulu interesgarri
argitaratu dira komunikabideetan soinujolearen ekarpenak eta doihanak
nabarmenduz. Hona horietako batzuk:
"dantza eragile aparta..." dio Aitor Furundarenak, eta azalpen hauek
ematen ditu: "Akordeoilarien artean, joera handia egon da dantzako
piezak klasiko -- erromantikoki jotzeko, horniduraz bete, XIX. mendeko
kutsuko armoniak erabiliaz eta dantzako musika birtuosismoz betea bezain
dantzagarritasunez hutsik utziaz. Pedro eta gutxi batzuk gehiago izan
dira, aldiz, piezak bere naturaltasun sinplean mantendu aldekoak. Hitz
egitean bezala. Nota asko erabili gabe, jendea dantzan jartzen zuen.
Soinu txikiak handiak baino errekurtso gutxiago baditu ere, bere piezak
berdin jo zitezkeen bataz zein besteaz. Badakizue zer dagoen horren
barrenean? Nire ustez, halakoak musikari izaten dira, instrumentu
jotzaile baino gehiago. Dantzarako musikan interpretazioa da
garrantzizkoena, musikariak besteak dantzan jarri behar ditu, eta horrek
umiltasuna eskatzen du, lan handia egin behar baita horretarako, baina
erakustaldi nabarmenik egin gabe, artista izanda, baina era berean
edozein langile bezala itzalean lan eginaz. Hori da, batez ere, nik
Pedrori ikasitako lezioa. "
Gorka Erostarbek Berrian idatzitako artikuluan berriz hauxe dio: "Nahiz
eta soinu handia jo, trikitia barru-barruan zuen Gelatxok; aitaren
herentziagatik batetik, eta dantzaria izan zelako bestetik. Umetatik
ikasi zuen dantza sueltoa eta hainbat lehiaketatan ere parte hartu zuen.
12 urte zituela egin zuen jendaurreko lehen agerraldia, San Lorentzon
bertan, Anjela Badiola bikotekide zuela. Hamaikatxo sari irabazi zuen
dantzan: «Dantzari fina izan zen», nabarmendu du Egurenek."
(Continue reading)